Pribatutasun politika

Webgune honetan ez da gailetarik kozinatzen, sukalderik ez baitu. Hots, ez da cookierik zerbitzatzen. Ezta JavaScript ere, ez baita beharrezkoa: KaTeX-dun orrialdeak zerbitzariaren aldetik eraikitzen dira. Honetaz gain, zuen pribatutasunagatik arduratzen naizenez, sarbidea HTTPS bidez soilik da posible.

Nabigazioaren jarraipenik ez dut egiten, ez zaizkit estatistikak interesatzen. Norbaitek irakurtzen duen heinean, ongi. Hori bai, web zerbitzariak astero txandakatzen den log edo sarbide-erregistro bat gordetzen du, non zuen IP helbideak ageri diren, besteak beste. Normalean ez dut ikusten (hilabetero ezabatzen dira), eta noizbait helbide horiek zifratzeko plugina ezarri behar diot.

Azkenik, ohikoa denez, hirugarrenen webguneetako edukia estekatzen da webgune honetan zehar. Kontuan izan horien edukia nire gaitasunetatik eta arduratik at geratzen dela, eta ez dakarrela berarekin inolaz jatorrizko pribatutasun-politikekiko adostasunik. Zuen ardurapean ireki eta, beti bezala, kontuz ibili.