Hizkuntzen edertasuna ikuslearen begietan dago

Gauza batzuk argi utzi nahian

Ziur nago interneten horrelakoak ikusi dituzuela:

En euskera no decimos “relación”, decimos “harreman”, que más o menos se traduce como “recibir y dar”, and I think that’s beautiful.

Ditxosozko esaldiak bueltak ematen ari dira interneten urteak joan, urteak etorri. Hasieran Twitter hari bat, gero bideo bilakatu zen —YouTube eta Tiktokeko bertsioak ikusi ditut—, Russia Today bezalakoek partekatua. Euskararen nolabaiteko folklorizazioa zabaltzeaz gain —beti ingelesez edo espainolez—, nolabaiteko bakartasun ideia zabaldu nahi dela dirudi… errealitatea ezberdina denean.

Lehenik eta behin, euskara bera bakarra da, bai.[1] Europako mendebaldean hizkuntza erromantze artean dagoen irla isolatua. Isolatua sorreran, noski. Ordutik latinak (eta grekoak) eta bere ondorengoek —espainola, frantsesa eta okzitanierak (gaskoiak), batik bat— aztarnak utzi dizkigute, hala nola gramatikan eta lexikoan: denbora (tempora), zeru (caelum), bake (pacem), polit (polida), greba (grève),… bizkaieran eragina nabaria da. Arabierak ere berbak laga dizkigu, ez pentsa: ba al zenekiten albaitari بَيْطَار-etik (baytar) zetorrela?

Horretaz gain, georgiera, koreera, japoniera, turkiera, suomiera, etab. legez euskara hizkuntza eranskaria da. Lehenarekin beste ezaugarri amankomunak ere baditu, hala nola ergatibotasuna eta komunztadura poli-pertsonala. Bakarra izaten jarraitzen du?[1] Bai, baina behintzat munduan zehar sakabanatutako urruneko ahaideak ditu. Dena den, ez direnak askozaz gehiago dira.[2]

Ulertzen dut frantsesaren, gaztelaniaren eta ingelesaren menpekotasunari erantzuna dela «and I think that’s beautiful» delako mugimendu hau: euskara jakin eta erabiltzeaz harro egotea —ni ere banago— eta, ezezaguna eta nolabait exotikoa denez, bera munduratzea. Batzuk dagoeneko etekin ekonomikoa ateratzen hasi dira.

Zein da gakoa? Euskara ez dela inguruko erderen guraso den latin arrunta bezala aldatu, zeinetan relatio bezalako hitzen esanahia desagertu edo izkutatu egin baita… antzeko etimologia dutenean. Azken finean, berba asko hitz-elkartzearen ondorioz sortzen dira: para + aguas = paraguas (aterki, literalki ur gelditzaile), Straße + Bahn = Straßenbahn (tranbia, literalki kaleko tren), bitter + sweet = bittersweet (gazi-gozo, literalki mingots-gozo)… Hau da, euskaraz egindako ariketa nolabaiteko tranpa da, hamaika hizkuntzatan egin daiteke eta. Horiekiko miopia edo ezjakintasuna nabaritzen da hau egitean, modu antzekoetan funtzionatzen baitute.

Azken finean euskara beste ele bat da, gurea eta neurri berean munduaren ondare kulturala. Ez gara inor baino gehiago edo gutxiago erabiltzearren, ez gara supremazismoan erori behar: atzo mastodon-en eztabaidatu bezala, euskarari ere gauzak falta zaizkio. Hizkuntzen garapenaren islada da, ezein ez da perfektua.

Laburbilduz, all languages are beautiful in their own ways («hizkuntza guztiak dira ederrak, bakoitza bere erara») da nire erantzuna izenburuko “beauty [of language] lies in the eyes of the beholder” esaerari.


  1. Hemen bakarra diodanean nortasunaz ari naiz, ez ezaugarrietaz. ⤴︎ ⤴︎2

  2. Munduan milaka hizkuntza daude. Papua Ginea Berrian soilik 850 inguru⤴︎


Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!