Inozenteak

Hona hemen nire urte honetako atzerabegirakoa —blogaren hiru urtetan lehenengo bider egingo dudana—, egun ezin egokiako batean.

Urtarrilaren bigarren erdiko egun batean —nire 30. urtebetetzean— komunean nengoen The Guardian-eko albisteak jarraitzen, Txinan jatorri ezezaguneko neumonia arraro batengatik jendea ezker-eskuin kutsatzen eta hiltzen ari zelako. «Bo, hori ez da ezertan geratuko» pentsatzen nuen, mugikorra eskuan nuelarik. Hurrengo astean Edinburgora —oso leku polita, bide batez— bidaiatu nuen. Wuhan isolatua, kasuak beste herrialdeetan azaleratzen: Alemanian, Espainian… ea ni hantxe kutsatuko nintzanaren ardura nuen. Zorionez, ez zen ezer gertatu, nahiz eta Europako bi aireportu nagusienetatik bidaiatu: Schiphol-en (Amsterdam) geldialdia, Frankfurt helmuga. Azken honetan behintzat «novel coronavirus»-ari buruzko kartelak aurkitzen ziren.

Otsailaren 14, San Balendin eguna, Italian agerraldi bat. TVE-n Lorenzo Milák «sólo es una gripe, tranquilos» zioen bitartean. Askok sinetsi genion. Hurrengo asteetan Europako beste zenbait herrialdetan kasu gehiago: Espainian, Euskal Herrian, Austrian eta Alemanian, esate baterako. Martxoan etxean geratzeko agindu ziguten, herrialde batzuetan neurri zorrotzagoekin. Bizitza analogikoa digital bilakatu zen, eta gure osasun fisikoaren onerako osasun mentalari uko egin genion.[1]

Udako su-etenak normalitate (analogiko) berria zekarren: maskara, distantzia, eskuak garbitu. Eta paranoia, batez ere paranoia: batzuek hil nahi ez dutelako, besteek hau konspirazio bat edo horrelako zerbait delako. Guztia hobetzen zegoela zirudien: ausartak bidaiatzen, terrazetan poteak hartzen —10 pertsonako taldeetan, noski—, eta abar.

Agian, batek daki, konplazentziak gainditu gintuen eta udazkenean berriro kasuek gora egin zuten Europan zehar. Herbehereetan eta Alemanian, batez ere, askoz bortitzago. Birusak ez du inolako errukirik, Hego Europarrez gain besteak ere kutsatu ditzake.

Europa erdia itxita dugu berriro, eta Erresuma Batutik datorren —barkatu, han lehendabizikoz antzeman den— aldaera kutsakorrago batek Gabonak zapuztu nahi dizkigu. Txertoak garaiz heldu dira, bederen, txantxa luze egiten ari zaigu eta.

Ea urte berriak zer dakarkigun. Hau izebergaren punta bakarrik da, tamalez.


  1. Ez dakit hemen lehenaldia erabiltzea egokiena den, egia esan. Osasun mentala pandemia izkutua dela esan genezake. ⤴︎


Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!