Parasite gustatu bazitzaizuen, honatx lau proposamen
Zinemaren, eta orohar kulturaren, mundua itzela da, erraldoia. Gure denbora, ordea, urriagoa. Ondorioz, aukeratzekeran, ondo egin behar dugu hura ondo aprobetxatzeko. Berezitxoa naiz gai honetan, eta, ja bizitzan denbora asko galdu dudanez, nahiago ditut maitasunez eta teknikaz egindako klasikoak eta bestelako ganorazko filmak ikusi formula bera jarraitzen dituzten marketing produktuak baino.
Batzuek Marvel, DC, etab. superheroien, besteak beste, lako blockbuster edo krispeta-filmak nahiago izango dituzte. Niri, aldiz, egungo Hollywood-en menpekotasun ekonomikoa, estetikoa, ideologikoa eta kulturala nekezak zaizkit. Horregatik, duela urte batzuk eduki horien kontsumoa zeharo murriztea erabaki nuen, mundu osoko zinemari lehentasuna emanez, zahar zein berri, mainstream zein underground. Behar baino gehiago, nik uste… auskalo. Nola edo hala, ekialdeko Asia lehenetsiz. Komikiekin ere garai batean berdina gertatu zitzaidan.
Horrela, otsaileko igande baten zinema hegokorearraren sesio bikoitza egin nuen, Parasite eta Burning bata bestearen atzetik bigarren aldiz berrikusiz. Lehenak, iaz pelikula onenaren Oscar saria irabazi ondoren, Hego Koreako film industria munduratu du eta asko hasi zarete herrialde horretako filmekin interesatzen. Hobe berandu inoiz ez baino. Eta horrek ideia bat eman zidan, zeinaren emaitza irakurtzen ari zareten ohar hau den.
Ideia honekin jorratuko dut hemen sarrera-gida legez balio dakizuekeen zerbait, gustuko ditudan lau film hegokorear zerrendatuz. Izenburuak ingelesezkoak —zuok errazago aurkitzeko— eta koreerazko originalak —badaezpada bilaketa konplikatzen bazaizue— dira. Azalpen xumeekin, zeren eta esteketan pelikulei buruzko informazio gehiago topa dezakezue; gainera, ez dizkizuet hauek izorratu nahi. Zenbat gutxiago jakin, beti hobe.
Kontuan izan, baita ere, hau izebergaren punta besterik ez dela. Hego Koreako zinemak sekulako harribitxiak ditu. Zerrenda laburra egin dut, nire gomendio guztiak idazten baditut amaigabea litekeelako, nire denbora mugatua baita eta idatziko nituzkeenak interneten baitaude dagoeneko (beste hizkuntzetan), kar-kar-kar. Esate baterako, zinema klasikoa gustoko baduzue, zorionekoak zarete YouTube-n kanal bat dago-eta.
Hona hemen, beraz, nire proposamen/gomendioak, zaharrenetik berrienera ordenatuak. Lehen biak Boon Jong-ho —ez du azalpenik behar, ezta?— zuzendariarenak. Aparteko filmografia du, eta niretzat bere top 3-a egiten dute. Gainontzekoak, ordea, txiro-aberats dinamika beretsuan murgiltzen dira, zer edo zelan. Guztiak XXI. mendekoak, kritikak laudatuak, eta han-hemen sarituak.
-
Memories of murder (살인의 추억 / Sarinui chueok, Boon Jong-ho, 2003)
Benetako serie-hiltzaile baten bilaketari buruzko filma. Hemengo protagonistetako bat Song Kang-ho da, Parasite-ko aita. Ikerketa polizialen gordintasuna erakusten digu, bete-betean, norbanako doilor batek hautsitako gizarte batean.
Ikusi nuen lehen filma korearra izan zela badiotsuet, eta guzti hau horri esker dakarkizuedala…
-
Mother (마더 / Madeo, Boon Jong-ho, 2009)
Ama alargundu batek, bere seme ezgaituak egin ez duen delitua leporatzen diotenean, indar guztien aurka borrokatu beharko du egia azaleratzeko. Filmaren premisa osoa oso arraroa da; ederki antzeztua (batez ere filmari izena ematen dion protagonistak) eta egina.
-
The Handmaiden (아가씨 / Agassi, Park Chang-wook, 2016)
Aberatsen eta txiroen arteko dinamika. Esan beharra dut, hemen eduki sexuala dagoela, beraz hobe gaztetxoetatik urruti mantendu.
Neska korear gazte bat kontratatzen dute Japoniar baten —filma Koreako Japoniar okupazioan gertatzen da, hau da, XX. mende hasieran— zerbitzari izan dadin. Baina arrazoiak beste batzuk dira…
-
Burning (버닝 / Beoning, Lee Chang-dong, 2018)
Hemen ere nolabaiteko aberats eta txiroen arteko dinamika jorratzen da. Halere, ez da Parasiten bezain azalekoa.
Protagonista idazle izan gura duen gaztea dugu, Seulera lan-bidaia batean aspaldiko partez txikitako lagunarekin topo egiten duena. Lagun honetaz maitemindu, eta Afrikara bidaiatzean ezagututako hirugarren batekin misterioz beteriko maitasun-triangelu bat sortuko da.
Guztira, kalkulu mental batzuk eginez, zortzi-bederatzi ordu inguruko iraupena. Arratsalde oso bat igarotzeko beste. Alabaina, nik bi sesio bikoitz egitea gomendatzen dut: lehenik zuzendariarena eta gero aurresandako dinamikarena. Edo alderantziz, ordenak ez du axola.
Berri Txarrakek dioten bezala: «eseri eta ongi pasatu». Eskertuko didazuelakoan nago. Baina usteak erdiak ustel.
Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!