232,78 °C
70 urte istorio berdina irakurtzen.
Ze izenburu da hori? pentsatuko zenuten bat baino gehiagok. Tira, ba 505,93 K (Kelvin).
Oraindik galduta? 451 °F. Ray Bradbury zenak azal beza:
Fahrenheit 451: [l]iburuak sua hartu eta erretzea eragiten duen tenperatura…
Ray Bradbury, Fahrenheit 451, 1. or.
Jatorrizko testua (ingelesez)
Fahrenheit 451: [t]he temperature at which book paper catches fire and burns….
Azkenaldian, hau edo hori dela-eta, liburuak eta haienganako zentsura eta debekuaren aldeko mugimendu batzuk azaleratu omen dira. Ezagutzen ditudan kasuak —oso gutxi, zorionez— Atlantikoaren beste aldetik datozkigu. Eta Atlantikoaren beste aldetik horrekin, Estatu Batuei buruz ari natzaizue;[1] Kanadaren galtzei buruz, alegia.[2]
Lehen kasua arraroa, beldurgarria eta xelebrea dirudit. Goiburua irakurtzean ulertuko duzue: Greg Locke’s zealots set fire to sacred millennial texts like Harry Potter and Twilight. El Mundo Today, Beranduegi edo The Onion bezalako egunkari satiriko batetik ateratako titularra dirudi. Tamalez, ez; onerako edo (nik uste) txarrerako.
Laburbilduz, countryaren jaioterri den Tennessee estatuko apaiz batek, otsailak 3 (asteazkena) gauez, liburu horiek erre omen zituen zuzenean emititutako emanaldi batean. Zergatia? Deabruaren, sorginen eta abarren lana zirelako edo horrelako zerbait. Ulertzen dut ez direla mendebaldeko literaturaren lan gorenak, nahiz eta bestsellerrak izan, baina tira. Ez du ez hanka ez bururik. Ezta berak ere:
In a sermon preceding the bonfire, Locke described beefing with “Free Mason devils” and said “I ain’t gonna be ‘suiciding myself’ no time soon.” Locke also said people aren’t mad that they were burning books, but mad because of the books they were burning — implying that his critics, even other pastors, were devil and witchcraft supporters.
Xelebrekeriak alde batera utzita eta serio jarriz, lekuz aldatu gabe: Tenneesee-ko eskola-batzorde batek Maus liburua debekatzea erabaki du.
Ezagutzen ez duzuenontzat, Art Spiegelman-en Maus holokaustoan girotutako
komiki nobela grafiko oso famatua da, Pulitzer-arekin saritua.
Oraindik ez dut irakurri: dakidan bakarra pertsonaia batzuk sagu —Maus
alemanez, mouse-ren idazkera fonetikoa baita ere— eta besteak katu
antropomorfikoak direla da. Erraz asma daiteke nor den zein.
Gurasoen argudio nagusiak:
«Demonio!» esaldiaren erabilera eta emakumeen «irudi biluztuen» marrazkiak aipatuz
Jatorrizko testua (ingelesez)
[…] [C]iting its use of the phrase “God Damn” and drawings of “naked pictures” of women
Moralaren polizia bere saltsan. Ez dakit bidalitako mezua faxismoaren onespen
gisa uler litekeela konturatzen diren ala ez… Ez zaie axola, umeak
munduko gaitzetatik (zein?) itsu eta isolatuta babestuta dauden bitartean.
Dena den, batzarreko notak lisergikoak dira.
Azkenik, espektro politikoaren beste aldean esan liteke, Washington estatuko eskola-barruti batek To Kill a Mockingbird liburua debekatu nahi omen du.
Liburu honen kasua arraroa da. Urteak, hamarkadak daramatza AEBtan derrigorrezko irakurketa izaten. Jorratzen duen gaiarengatik: XX. mendean jazo zen arraza-segregazioa —batik bat beltz eta zurien artean—, alegia. Liburu oso gordina da, bai hizkuntza eta gertaera aldetik. 30. hamarkadan gerta zitezkeen (fikziozko) kasu bat erakutsi zion Harper Lee-k gizarteari. Izan ere, bere bizipenetan oinarritua dago.
Hautsak harrotu zituen ditxosozko liburuak… baita gaur egun ere.
Zorionez, azken 60 urteotan AEBtako —eta mendebaldeko, orokorrean— gizarteak aurrerapauso handiak egin ditu antiarrazakeria alorrean. Halere, Black Lives Matter eta gainontzeko sentimendu, mugimendu eta sentsibilitate antiarrazista eta/edo inklusiboen ondorioz, transgresioak —iraganekoak zein egungoak— luparekin begiratzen dira.[3]
Zeintzuk dira transgresio hauek? Lehena, hizkuntza arrazista erabiltzen da liburuan zehar, garai hartako arraza-erlazioak islatuz. Bigarrena, liburuaren beste ardatza bortxaketa bat da. Hirugarrena, liburuko protago/deuteragonista[4] Atticus Finch egun modan dagoen salbatzaile zuriaren klixean erortzen dela.
Ez dira konturatzen liburuak beraien baldintzen eta testuinguru historikoen ondorio direla, eta horietatik ateratzea akats larria dela. Baina alde bateko edo besteko moralistak ez dira hori ulertzeko gai, eta areago, abade jaunaz gain intentzio onekin jokatzen dute, edo jokatu nahi dute. Baina ez da bide zuzena.
Ez nuen pentsatuko Bradbury-k idatzitakoak esanguratsua izaten jarraituko zuenik, baina honela bukatu dugu.
-
Ba al zenekiten AEBak ez direla ameriketako estatu batu bakarrak? Mexikoren izen ofiziala Mexikoko Estatu Batuak (“Estados Unidos Mexicanos”) da. A zer nolako brandinga… ⤴︎
-
AEBtan Kanada “America’s hat” (Amerikaren txapela) bezala ezagutua da testuinguru umoretsu batean. Horri erantzun nahian, “Canada’s pants” kontzeptua asmatu zuten. ⤴︎
-
Gaizkiulertuak sortu baino lehen, ikusten dudan erralitate amerikarraren azaleko analisia da. Kapital sozial asko du kantzelatua ez izateak. Baina gai hori beste baten (eta beste batek) jo beharko dio. ⤴︎
-
Memoria ongi badarabilt, uste dut liburua Scout Finch-en ikuspuntutik dagoela idatzita, baina Atticus da pertsonaia fokala hein handi batean. Scouten begietatik dakusagu bere aita. ⤴︎
Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!