Ordainpeko (des)informazioa: garestia eta kaskarra
Harpidetza zabor hori iragarki gabe eta inork baino lehenago irakurtzeko? Bo, bo, favorez!
Berria edo Argiako kazetari hori: nola edo hala iritsi bazara hona, jakin ezazu beheko sasidiatriba hau ez dela zuetaz ari, kazetaritza korronte nagusiez baizik. Irakurtzea gomendatzen dizut, alabaina.
Joan diren asteotan, Pazkoa barne, Rhin Garaiko haraneko (Oberrhein) hiri batzuetan izan naiz eguraldi onaz profitatuz, bisitan eta argazkiak ateratzen. Tren bidaia —era egoki eta aproposena distantzia eta krisi klimatikoa kontuan hartuz— entretenigarriagoa egiteko liburu bat (Ursula K. Le Guin zenaren The dispossessed, ingelesez) neraman arren, astekari pare bat erosi nituen denbora nuela konturatzean, alemana praktikatzeko aitzakiarekin: Der Spiegel eta Focus.[1]
Der Spiegel, jakin dezazuen, Europako aldizkaririk ezagunetakoa eta, duela gutxi arte behintzat, ospetsua ere afera batzuk azaleratu baitzituzten. Hala ere, ezin izan dute azken urteotan hedabide pribatuek jasan duten gainbehera ekidin. Arrazoiak? Ebidenteenak, ekonomia- edo informazio-eredua litezke. Ez naiz egiazko adierazpenik egiteko gai.
Goikoa adierazteko arrazoiak ditut, bederen. Aldizkariari so egin eta azalak alarma guztiak piztu zizkidan: Olaf Scholz kanzillerarri egindako elkarrizketaren titular gisa »Wovon haben Sie Angst, Herr Scholz?« («Zeri diozu beldur, Scholz jauna?»). Barnean, aipua: »Es darf keinen Atomkrieg geben« («Ez luke gerra nuklearrik gertatu behar»). Lasaigarria. Are gehiago, hasieran ez bera ezta alderdia (SPD, sozialistak) ez omen dira bakezaleak (Pazifist), baretasunaren aldekoak (Friedenspartei) baizik. Hitz-aukeraketa aipagarria, biek dute bake esanahia ñabardurekin.
Elkarrizketa, tamalez, ordainpean aurkitzen da. Transkibatu nezake, baina esfortzu handiegia guztiz menperatzen ez dudan hizkuntza baterako. SPIEGEL+ delako harpidetzarekin irakurgai, zeinak webguneko eduki guztiari gehi astekari digitalari sarbidea ahalbidetzen duen. Honen harira, aldizkarian bertan ikusi nuen harpidetza flexiblea, edonoiz bertan behera utz daitekeena, alegia: gutunontzira bidaltzen dizute aldizkaria. 4,60 € alea ohikoa den 6,10 € ordez.
Zergatik dio honek guzti hau, pentsatuko duzue. Bada, urte hasieran eta berriz ere azkenaldian nire buruari ea harpidetza fisiko zein digitalek merezi ote duten galdetzen ari naiz. Horixe baita prentsaren parte esanguratsua ganoraz irakurtzeko era bakarra egungo eredu ekonomikoan.
Atzo goizean behar baino denbora gehiago igaro nuen egunkari, astekari, hilabetekari nazional fisiko zein digitali erreparatuz, ganorazkoen bila, azken finean garestixeak baitira bakarrarekin konformatzen ez zarenean. Hamaika harpidetza-modu, bata bestea baino korapilatsuagoak: fisikoa, digitala, konbinatua, asteburukoa… burukomin gehiegi. Der Spiegel, Die Zeit, Frankfurt Allgemeine Zeitung, Süddeutsche Zeitung…
Mugetatik kanpo, nazioartekoei begiratuz, antzeko zerbait: merkea denean (batez ere estatubatuarrak), limitazioarengatik da: sartu bezain laster paywalla. Edo, bertoko eta bertako (El Correo, tuju-tuju-tuju) egunkariak bezala, hamar albiste dohain irakurtzeko aukera webgunera sarbidea blokeatu arte. Bestalde, guztiek hamaika web-tracker (izkutuak, noski) orrialdeko, harpidetzarako emandako datu ekonomiko/postal/eta abarren gainean. Financial Times, The Economist, The Atlantic, Washington Post…
Teknologia-kontuetatik at, azaleko analisi bat eginez hiru arazo larri ikusi dakizkieke, besteak beste:
-
Interesa eta/edo haren falta:
Gai batzuk prentsa monopolizatu dute eta/edo monopolizatzen ari dira: bi urte daramatzagu (momentuz) koronabirusa gora eta behera, bi hilabete eta etortzeko daudenak Ukrainarekin. Ez dakit prentsa-normaltasuna pandemiak, Brexitak, edo Trumpek akabatu bide zituen.
Artikulu asko, baita ere, prosa astun eta aspergarriz beteak, kazetari edo zutabelariak hitz edo karaktere kopuruengatik ordainduak balira bezala. Ikasi aurretiaz publikoa nor den eta haiei egokitutako erregistro batean idatzi, otoi. Nork demontre irakurriko ditu, bestela? Nik ez, behintzat.
Zer esanik ere etekin ekonomikoa helburu duen hedabide orok funts gabeko albistez betetzen dituztela beraien kazetak (digitalean, batik bat): ondorioz, aleko hiruzpalau albiste bakarrik dira egiaz erakargarriak, eta horiek esklusiboak direnean… azken finean hamaika hedabidek berdina badiote gureak egin du, ezta?
-
Informazioaren bizi-balio motza:
Albisteek, beraien naturaren ondorioz, bizi-balio laburra dute, testuinguruen aldaketen menpean baitaude. Mamina ziurrenik ez, baina xehetasunak eta nondik norakoak alda litezke (adibidez, pandemia bera edo Ukrainako inbasioa). Beste era batean esanda, denboraz kanpoko ez den oro (saiakerak eta kritikak, esaterako) irakurri bezain laster —astekari eta hilabetekarien kasuan, irakurri baino arinago— zaharkituak egongo dira.
Formatu digitalean hau gertatzea arraroa da. Albistea eguneratzea erraza da baina nolatan jakinarazi irakurleari eguneratzeari buruz? Ohikoena sare sozial edo RSS gisako harpidetza (egun ni bezalako gutxi batzuk erabiliak) bidez. Askotan izkutuan eguneratzen dira (stealth edit, ingelesez) ezer gertatu ez balitz bezala. Egun, zuzeneko jarioak modan jarri dira honelakoak saihesteko: oroitzen naiz koronabirusa Txinan hasi zenean, 2020ko urtarrilean, The Guardian-en jarraitzen nuela afera guztia…
-
Edukia bera eta egiazkotasuna:
Gehiago ematen du aditzera ageri ez direnek aipatuek baino. Albo-erdara batean dioten legez, «quien calla otorga». Gertakizun deserosoak tiraderan izkutatzea hobe.
Joera editorialak ere, azkenaldian esplizitua(goa)k bilakatu dira: ez dut nahi informatzeko panfleto alderdikoi bat irakurri. Ezinezkoa da neutrala izatea, ados, baina kasu horietan denean propagandatik ezberdintzea inposiblea da.[2] Gertatutakoei buruz jakin nahiko nuke, arren eta eskerrik asko.
Halere, salbuespen gutxi daude, non gauzak ondo —edo behintzat hobeto— egiten diren, eta kazetaritzarekiko maitasuna islatzen duten: Argia, Berria, Delayed Gratification, Katapult, taz, The Guardian… Zorionez, erdipurdiko zerrendan ageri ez diren kalitatezko alternatibak badaude, jakina: blogak, erakunde alternatiboak, posta-zerrendak, prentsa alternatiboa, irrati-telebista publikoak…[3]
Orohar, esanak esanda, ez dut uste harpidetzeak merezi duenik. Edizio fisikoa erosteak, posible denean, jarraipena galarazten du, baina edukia hor dago eta zaborra edo kiratsdun prentsa irakurtzeko, nahiago sosak eta denbora beste zerbaitetan erabili.
Laburbilduz: informazio-iturri onenak (ia) doakoak, maitasunez eginak eta irakurlea aintzat hartzen dituztenak.
-
Espainiako aldizkariak ere aurkitu nituen, hala nola Vanguardiako astekaria edo Hola! prentsa arrosa. Alde batetik, garestiak, eta bestetik niri bost zurrumurruak eta kuxkuxeak. ⤴︎
-
Nork fact checkeatzen ditu fact checkerak? ⤴︎
-
Inork ezer esan baino lehen: bai, badakit EITB eta/edo RTVE ez direla ARD, ZDF edo Deutschlandradio baina azkenaldian esfortzua egiten ari dira zerbait dexente(ago)a eskaintzeko. ⤴︎
Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!