Internetaren iragarritako heriotzaren kronika

Blog honetan ez bezala, sarean ageri denaren zati esanguratsu bat faltsua da

Oharra: eduki hau hezur-haragizko pertsona batek idatzi du. Webgune honetan ez da hirugarrenen adimenik erabiltzen edukien sorrerarako. Txoko hau internetaren arnasgunetzat jo daiteke.


Joan den ostegunean Die Zeit erostea erabaki nuen —nahiz eta iaz prentsa klasikoa kritikatu—, informazioa formatu fisikoan, paintailetatik at, irakurtzearren. Artikulu luze eta lexiko maila altuagatik ezaguna delako aukeratu nuen, batik bat, Der Spiegel-ekin alderatuta —beste astekari nabarmenena— bederen. Agerkariarekin atxiki zetorren Zeitmagazin-ean[1] Harald Martenstein-en zutabe bat aurkitu nuen, non ChatGPT-ek zutabea bera nola idatziko ote zukeen (artxibatutako bertsioa, paywall gabe) galdetzen zuen.

Ez dut uste ChatGPT zer den azaltzeak premiarik duen, azkenaldian guztion ahotan (edo teklatuetan) baitago. Berdin Stable Diffusion eta enparauentzat. Martensteinen artikuluan bezala, eztabaida askoren erdigune bilakatu dira, batez ere egile- eta jabego-eskubideei dagokienez. Alabaina, neronek proposatutako ikuspuntu alternatiboa zera da: edukiaren benetakotasuna; alegia, makinek sortua delako. Edo machine-generated content, ingelesez; bilatzaileek webgune hau errazago aurkitzeko: sorry for the language choice, fellas!

Nola edo hala, afera guzti hauek duela zertxobait aurkitu nuen Dead Internet Theory: most of the internet is fake izeneko teoria gogorarazi didate. Internet Hilaren Teoria: internetaren gehiena faltsua da. Izen benetan asaldagarria. Internet… hila? Hasteko, ez da biziduna.

Esteka jarraitzea biziki gomendatzen dizuet. Tesia eta bere mamia webgune zer edo zelan… problematiko batzuetan —lau ostodun hirusta, tuju-tuju— eratua izanik ere, beteranook dagoeneko antzemango zenituzten aipatutako joerak… horrela ez balitz gehiegi balioetsi zaituztet. Dena den, egile beraren laburpena:

TLDR:[2] Large proportions of the supposedly human-produced content on the internet are actually generated by artificial intelligence networks in conjunction with paid secret media influencers in order to manufacture consumers for an increasing range of newly-normalised cultural products.

Edo, itzulita:

LEDI:[2] gizakiek ustez sortutako internetaren proportzio handiak adimen artifizial sareek hedabideetako ordainpeko influencerekin batera sortuak dira, kontsumitzaileak berriki normalizaturiko produktu kultural sorta geroz eta handiagoetara egokitzeko.

Idazkera eta/edo gramatika kontuan hartuz, konspirazio-teoria dirudi. Eta hala deritzote hedabide batzuek. Konspiranoikoa nateke haien aburuz, ez dakit. Dena den, ez nago guztiz ados teoriarekin, baina bai mamiarekin: uste dut interneteko edukia gero eta artifizialagoa dela zeren bagenuen dagoeneko erdia baino gehiagoren faltsutasuna jakinaren gainean. Gakoa giza-faktorearen galeraren geroz eta azkarragoa guztiona zena eragile gutxi batzuek bereganatu dutenetik, guztion kalterako. Pertsona natural zein juridiko ez diren eragile batzuek baita ere.

Badakigu hainbat sare sozial eta etika zalantzagarriko —barkatu erredundantzia— webgune sosak eta ohorea ostutzeko prest dauden norbanako eder bezala iragartzen diren chatbot-ez gainezka daudela. Baditugu hainbat jende ospetsu webgune beretan (sozialetan behintzat), zeinak jarraitzailearen ehuneko nabarmena bot farm delakoetan erositako kontu faltsuak dituzten: metrikak, motel, metrikak– engagement? zer da hori? Bagara e-posta eta SMS bidez esteka faltsuak jaso ditugun norbanako andana. Badakusagu eduki asko, natural zein artifizial, bot kontuek sustatua dela: trending topic edo baliokideak ikuskatuz aurki daiteke mezu berbera literalki milaka kontu ezberdinek momentu ia-ia berberean bidaliak; berdina bertxio edo bozekin. Badirudi bilatzaile handienetako emaitzak, lau edo bostgarren orrialdean hasita, webgune faltsuz beterik daudela, iragarkien bidez sosak irabaztea eta/edo birusak zabaltzea helburu.

Ados, argi geratu zaigu: zaharrak berri. Itsu geunden, edo beharbada irudipen batek ikusmena lausotu digu, basamortuan larriki egarri denak oasia imaginatu legez… Zein da, beraz, arazoa? Zertaz arduratu? Niretzat, bederen, tresna hauen bitartez sustatutako internetaren heriotzaren bizkortzea: Stable Diffusion edo alternatibarekin existitzen ez den pertsona sor daiteke. ChatGPT-ri zerbait galdetuz testua sor dakizuke: baina ez zaitzatela harrapatu, arren. Hots, edukia nolanahi, noiznahi eta zernahi sor daiteke, sinesgarritasuna, zilegitasuna eta zuzentasuna bermatu gabe, gizatasuna zer esanik ez eta benetazkotasuna irakurlearen adimen naturalaren arabera-edo. Zorionez esparru birtualera mugatua dago —gutxi gorabehera—, baina batek daki etorkizunak zer dakarkigun.

Gizakiak gauza asko makinen eta algoritmoen esku utzi ditu. Ez dut uste sorkuntza eta bere prozesua horietako bat izateko premiarik dagoenik. Interneta bizirik manten dezagun.


  1. Hartu nuenean xelebre egin zitzaidan: sailak banan-banan zetozen tolestuta, guztiak broadsheet delako formatuan (A1 tamainan-edo) inprimatuak. Barnean barruan bi aldizkari: aipatua eta Google-ren propaganda. ⤴︎

  2. Too long, didn’t read. Hots, Luzeegia, ez dut irakurri (LEDI). ⤴︎ ⤴︎2


Ohar honi buruzko iruzkinik? Hala bada, bidali iezadazu mezu bat hemengo alternatibaren bat erabiliz!